Transkripzioak

Transkripzio irizpideak

Bi ohar orokor proiektu honetako transkripzioen inguruan:

  1. Ahotsak.com webgunerako egiten ditugun transkripzioak ez dira transkripzio linguistiko hertsiak. Hori ez da gure helburua. Gure helburu nagusia da, webguneko bisitariei hiztunak esandakoa nolabait idatziz aurkeztea, eredu lagungarri batean. Hau da, bideo-pasarteak ikusten ari denak pasartea ulertzeko zailtasunak baditu, pasarte horren laburpen bat izatea idatziz. Helburua ez da, hortaz, hiztunaren ahoskera bere horretan adieraztea. Hiztun baten edo herri bateko hizkera eta ahoskera aztertu nahi dituenak hortxe ditu erregistro originalak, bideoetan eta audioetan. Hortik abiatu dadila, eta ez transkripzioetatik.
  2. Transkripzioak egiteko orduan jarraian argitaratu ditugun transkripzio-irizpideak erabiltzen ditugu. Irizpide orokorrak dira, herririk herri edo egoera zehatzetan molda daitezkeenak.
  3. Webgune honetan agertzen diren transkripzio gehienak ahotsak.com proiektu barruan egin ditugu. Hala ere, badira lehendik ere eginda zeuden zenbait transkripzio, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako zenbait proiektu eta liburutarako egindako transkripzioak. Horien kasuan ez dira ukitu eta bere horretan utzi dira, transkripzio-irizpideak desberdinak izan arren. Kasu bakoitzean adierazi egiten da transkribatzailea nor izan zen.

Irizpideak

Arau orokor bezala, ahal dela hitzak osorik eta banatuta idatziko ditugu. Baturako hurbilpena
egin, ulermena ahalbidetzeko, baina ahozkotasunaren grazia eta tokian tokiko euskararen ezaugarri nagusiak gordez, batez ere morfologian eta hitz barruko fonetikan. Ez horrenbeste hitzen arteko loturetan.

Gainontzean:

  • H erabili
  • Z/S eta TZ/TS bereizi, lexikalizatuta dauden kasuetan izan ezik. Adibidez: etze (etxe).
  • Bustidurak adierazi, hiztunak hala erabiltzen baditu. Eta bustidura sortzen duen bokala idatzi: -iñ, -ill, itt, -indd, -iltt. Hitz bukaeran ez da bustidura adierazi beharrik: arrain hori (eta ez: arraiñ hori); ezta hitz hasieran ere, aurreko hitzak eragindakoa bada: hil da (eta ez hil dda).
  • Kontsonante galerak eta alternantziak: ahal dela batutik hurbileko forma idatziko da.
    • Bokalarteko -r- galtzen denean, ahal dela batutik hurbileko forma idatzi, ulermena zailtzen ez badu (edo herri horretako hizkeraren ezaugarri ez bada), behintzat. Kasu honetan salbuespena izango dira dia eta zian adizkiak, datiboko markaren galerak eta adlatiboko markak zenbait herritako hizkeretan.
    • Bokalarteko -g- galtzen denean ere hitza osorik idatziko dugu normalean, baina - g-ren galera adierazi egingo da lexikalizatuta dauden hitzetan: nausi, uezaba, euzki, baita EGIN aditzean, EGON aditzaren adizkietan (euan, jeuan..), aditz laguntzaileetan (juau, dittuu...), bage hitzaren formetan, -gaz soziatiboan eta konparazio morfemetan (-ei, -au...) ere.
    • Bokalarteko -d-: lexikalizatutako adibideak badira, -d- gabe idatzi. Adibidez: aixkide.
    • d>r bilakaera: euskara batura hurbildu ahal dela, ulermena errazteko. Adib: trenbirian>trenbidian; moruan>moduan. Lexikalizatutako adibide garbietan, ordea, aldaketa adierazi. Adib: eran (`edan’)
  • Gainontzeko aldaketa fonetiko guztiak ere, ahal den neurrian, forma estandarretara hurbildu ulermena errazteko.
  • Deklinabide kasuak hiztunak esaten dituen bezala adieraziko dira beti. Esate baterako, genitiboan edo datiboan: lagunan etxen (ez lagunaren etxean), lagunai eman (ez lagunari eman), eta abar.
  • Mugatzailearekin sortzen diren aldaketa fonetikoak ere adierazi: etxia, astua, buruba, gaztaa...
  • ETA / ERE / OMEN eta beste(Kasu bakoitzean ze forma erabiliko diren idatzirako)
    • Eta, ta, da... Lehenengo bi kasuetan, hiztunak dioena errespetatu. DA idaztea nahasgarria da, aditzarekin nahasten delako; TA idatziko dugu kasu horretan.
    • Ere,  ́re,  ́e formak erabiliko dira, hiztunak dioenaren arabera. Azken biak aurreko hitzari lotuta: nik ́e bai.
    • Be, bere formak erabiliko dira; pe>be
    • Omen, emen, men formak idatziko dira hiztunak dioenaren arabera.
    • Ei izango dan erabiliko den forma bakarra.
    • Bape(z), ezebe(z) esaten diren moduan idatzi, elkartuta.
    • Bare, gabe, barik, barek, be, bage... esaten diren moduan.
  • Gura / Behar. Osorik eta banatuta idatzi.
    • Osorik idatzi (hiztunak buruan duen forma): gura/gure ; bihar/biher/behar/ber
    • Banatuta idatzi. Kasu batzuetan, ahozko forma barra artean adierazi daiteke: gura dot /gurot/ ; biher zan /bizan/
  • Aditzak:
    • Hiztunak erabiltzen dituen formak, zuzen-zuzenean, inongo aldaketarik gabe: “Kantun be erakusten eban harek maistrik”(ez zuen).
    • Aditzen loturen ondorioz sortzen diren aldaketak ez adierazi. Ez aditz nagusiak galtzen dituen kontsonanteak, ez aditz laguntzailean sor daitezkeen aldaketa fonetiko puntualak. Adibidez: esantzun > esan zun ; esate eban > esaten eban. Kasu puntualetan ahozko forma barra artean adierazi daiteke: emuten otsien /emutetsien/
    • ez+aditza kasuetan ere hitzak banatuta idatziko dira: etzan etorri > ez zan
      etorri. Adizki bereziak direnean, banatuta idatzi arren, aldamenean barra artean
      adieraziko da ahozko forma: ez jakat /etxakat/
  • Izen bereziekin izen ofiziala erabili (salbuespenak salbuespen).
  • Gaztelaniazko hitzak:
    • hitz solteak direnean, hiztunak beregain hartutakoak, normal idatzi: kuarto de bañua.
    • gaztelaniazko esaldiak edo hitz multzoak, hiztunak nahita gaztelaniaz esan dituenak erdal grafiaz eta kakots artean: ...eta han ikusi nun, “cuando empezó a oscurecer”, orduan, ...
  • Hiztunak beste baten hitzak sartzen dituenean, kakots artean eta etzanda.
  • Ulertzen ez diren pasarteak, zalantzazkoak edo transkribatu gabe geratzen direnak, kortxete artean: [...]
  • Galdera / Erantzuna bereizteko, gidoiakbesterik ez ditugu erabiliko. Ez erabili ez hitzik, ez ikurrik, ez word-eko biñetarik, ez ezer. Gidoi hutsa. Eta ez sartu lerro hutsik galderen eta erantzunen artean.
    • elkarrizketatzaile guztien ahotsak berdin idatzi (ez bereizi elkarrizketatzaile 1 / elkarrizketatzaile 2)
    • elkarrizketan bigarren hiztun baten ahotsa azaltzen bada (alaba, senarra, iloba...), bere hitzen aurretik adierazi.
    • elkarrizketan bi hiztun daudenean, lehen aldiz hitz egiten dutenean izena osorik jarri (gidoiaren ondoren), eta bigarrenetik aurrera izenaren lehen hizkia bakarrik (puntu gabe).

Zalantzak badituzu, jarri harremanetan gurekin. Ondoren, argitaratu aurretik, guk ere gainbegiratuko ditugu.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia