"Jira bueltan" , liburu eta DVDa

Betiko 50 kanta eta jolas, liburuxka-DVD batean.

2017ko udazkenean argitaratu eta aurkeztu genuen Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburuxka. Ahozko ondarean transmisioa egitea da lan honen helburua. Gure aurreko belaunaldiei jasotako kanta eta jolasak berreskuratu eta biziberritzea, berriz gure artean izan daitezen, jira-jira bueltan!

Ahotsak.eus proiektuan jasotako ondare aberatsa sutondotik ikasgeletara eramateko asmoz, 2011. urtean hezkuntzako proiektua jarri zen abian hainbat udalerritan. Lan ildoetako bat umeekin antzinako kanta eta jolasak lantzea izan zen. Urtez urte lanketak egiten joan gara ikastetxeetan, umeak kantuan/jolasean grabatzen, bideoak prestatzen… eta pixkanaka bilduma polita osatu dugu. Bilduma hori Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas liburuxka-DVDan batu dugu, eta baita Ahotsak Ikasgelan webgunean ere.

Prozesua

2011n hasi zen hezkuntzako proiektua, Eskoriatzako eta Eibarko ikastetxe banatan. Gerora beste hainbat herri eta ikastetxe batu ziren proiektura: Aretxabaleta, Elgoibar, Lekeitio, Tolosa, Ordizia... Era askotako lanketak egin genituen ikastetxeotan, ahotsak.eus artxiboan bildutako testigantzak oinarri hartuta. Ahotsak Ikasgelan webgunea sortu genuen, lanketa guztiak bertan jartzen joateko: Ikasgelan.ahotsak.eus

Lan ildoetako bat kanta eta jolasak lantzea izan da, Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan. Urtero hainbat lanketa egin dituzte Deba bailarako lau herritako ikastetxeetan: Eibar, Eskoriatza, Elgoibar eta Aretxabaleta. Horretarako, pauso hauek eman ditugu:

Guk adinekoen testigantzak helarazi dizkiegu irakasleei: adinekoak kantak kantatzen edo jolasei buruzko azalpenak ematen.

    • Gero, irakasleek umeekin landu dituzte kanta eta jolasak.
    • Gu umeak grabatzera joan gara.
    • Adinekoen eta umeen grabazioekin bideoak prestatu ditugu.
    • Bideoak Ahotsak Ikasgelan webgunean jarri ditugu, fitxa osatuta (letra, azalpenak, jakingarriak...).

Bilduma polita genuela ikusita, 2017an kanta eta jolasekin liburuxka-DVDa egitea erabaki genuen. 50 jolas, kanta-jolas eta kanta batu genituen liburuxkan: letrak eta azalpenak, ikastetxeetako fotogramekin eta Eider Eibar marrazkilariak egindako marrazki ederrekin. Ikastetxeetarako prestatutako bideoak, berriz, DVD batean batu genituen, eta liburuxkan sartu.

2017ko azaroan Aretxabaleta, Eibar, Elgoibar eta Eskoriatzako udalek herri horietako ikastetxeetan banatu zuten liburuxka-DVDa, Lehen Hezkuntzako 1. mailan. 2017ko abenduan liburuxka-DVDa Durangoko azokan jarri genuen salgai.

Parte hartzaileak

Lau udalerritako 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok parte hartu dute. Ikastetxe hauetan: Kurtzebarri (Aretxabaleta), Mogel ikastola (Eibar), Aldatze (Eibar), Arrateko Andra Mari (Eibar), San Andres (Eibar), Elgoibar ikastola, Elgoibarko herri eskola, Luis Ezeiza herri eskola (Eskoriatza) eta Arizmendi ikastola (Eskoriatza).

Babesleak: Aretxabaletako Udala, Eibarko Udala, Elgoibarko Udala eta Eskoriatzako Udala. Adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritu gara kanta eta jolasak proposatzeko. Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzak. Eskerrik asko guztiei!

Emaitzak

  • Liburuxka-DVDa. Ahotsak.eus webgunean eskuragarri (Paypal bidezko erosketa) eta baita salmenta puntu hauetan ere: Donostia (Hontza), Eibar (XX) eta Arrasate (XX).
  • Ikasgelan webgunean bildumako kanta eta jolas guztiak jarri ditugu, bakoitza bere fitxarekin (azalpenak, letra…), interesa guztien eskura. http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/

 

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia