Lantaldea

Aintzane Agirrebeña Ubera (Eibar, 1981). Euskal filologian lizentziatua. Gaur egun Badihardugu Euskara Elkarteko koordinatzailea da. Eibarko euskararen inguruko hainbat proiektutan parte hartu du, besteak beste, Eibartarren Ahotan, Hiztegi Etnografikoa, eta Eibarko hiztegia online. Hainbat herritako hizkera jaso eta aztertu du, tartean, Beasain, Zarautz eta Zumaia. Badihardugu Elkarteko idazkaria da eta Ahotsak.com proiektuko azterketa linguistikoaren arduraduna da (transkripzioak, corpusaren erauzketa, lematizazioa, eta abar).

Arianne Unamuno Loidi (Soraluze, 1983). Ingurumen Zientzietan lizentziatua izan arren, euskalgintzan jardu du azken urteotan. Pil-pilean Euskara Elkartean kazetari eta koordinatzaile lanak egin ditu eta egun hedabide saileko zuzendaria da. Soraluzeko Aditz-taulak (2009) gidaliburuko egileetakoa da. Badihardugu elkarteko koordinatzailea da.

Asier Sarasua Aranberri (Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz, gazterik hasi zen Eibarko euskara eta ohiturak aztertzen. Azken urteotan hainbat lan kaleratu ditu bere herriko kontuen inguruan, esate baterako, Eibarko basarrixak (1998), Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003), Eibarko euskara (2005), edo Eibarko mapa toponimikoa (2005). Beste zenbait herritako herri hizkerak ere aztertu izan ditu eta horren lekuko, Zarautz Hizketan (2007) eta Beasaingo euskara (2007). Ahotsak.com proiektuko koordinatzailea da.

Juan Martin Elexpuru Arregi (Ubera-Bergara, 1950). Idazlea eta itzultzailea. "Bergara aldeko lexikoa" izan zen bere doktaradutza tesia (EHU-1996). Bergarako UNEDeko kide gisa, departamentuak lan ugari bideratu zuen herri-euskara jasotzera eta ikertzera. Bergarako euskera (1988) liburua eta Bergara aldeko berbak eta langintza zaharrak (1997-2002) proiektua, lau liburukitan argitaratu zena,  zuzendu zituen, Bergara aldeko hiztegia (2004) liburuaren egilea da. Badiharduguko kidea sorreratik.

Haizea Odria Esnal (Azpeitia, 1980). Arte Ederretan lizentziatua, gehienbat ikusentzunezkoen munduan aritu da. Ekoiztetxe eta herri telebistetan bideo-editore, diseinatzaile eta kamaralari gisa ibili da. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko bi ediziotan ere parte hartu du, bertako telebista eta web ofizialerako bideoak sortzen. Ahotsak.com proiektuan bideo-editore eta elkarrizketatzaile moduan dihardu.

Eider Etxeberria Mendizabal (Usurbil, 1985). Euskal Filologian lizentziatua, irakasle eta itzultzaile lanetan ibili izan da orain arte. Gaur egun, Badihardugu elkarteko teknikaria da, eta grabazioetatik lortutako materiala lantzeaz arduratzen da.

Nerea Goiria Mendiolea (Muxika, 1983). Euskal Filologian lizentziatua. Irakasle moduan aritu izan da batez ere. Toponimia ikerketan ere ibilitakoa da: Gautegiz Arteaga eta Ibarrangeluko toponimoen bilketa eta finkaketan, eta Gernika-Lumoko toponimiaren finkapenean. Ahotsak.com proiektuko teknikaria da.

Idoia Etxeberria Elortza (Oñati, 1977). Euskal Filologian eta Kazetaritzan lizentziatua; Itzulpengintzako Masterra du. Kazetari lanetan ibili da batez ere: lehenengo Euskaldunon Egunkarian eta ondoren Berrian. Ahotsak.com proiektuan elkarrizketak egiten dihardu, Donostian, eta grabazioetako pasarteak identifikatzen eta laburtzen ere badabil.

Miren Artetxe Sarasola (Lasarte, 1985). Euskal Filologian lizentziatua; Zientzia Kognitiboa eta Hizkuntzari buruzko masterra du. Euskara irakasle eta itzultzaile lanetan aritua; doktoregai gisa elebitasuna eta intonazioari buruzko ikerketan jardun du orain arte ("Gogo Elebiduna" proiektua, EHU). Orain Ahotsak.com proiektuan elkarrizketatzaile lanetan dihardu.

Kepa Elortza Odriozola (Oñati, 1958). Badihardugu Euskera Elkarteko kidea eta Oñatiko euskara aztertzeko jaiotako Berba taldeko sortzailetako bat. (Oñatikuaren Idaztarauak eta Oñatiko Aditz-taulak argitaratuta). Duela hiru urte Ahotsak proiektuan transkripzioak egiten hasi zen, eta gaur elkarrizketatzaile lanetan dihardu Ahotsak.com-en.

Edurne Zabala Lizarazu (Errenteria-Orereta, 1972). Psikologian lizentziatua.Haur eta nerabeen hezkuntzan espezializatua.Psikologo gisa aritu da lanean, batez ere haurrekin. Talde-lanak, hitzaldiak eta heziketa saioak ere burutu ditu guraso eta irakasleekin. Lau Haizetara Euskaldunon Elkarteko Bertsolaritza Saileko kidea izan da bere hastapenetik. Ahotsak.com proiektuan elkarrizketatzaile lanetan dihardu.

Ainhoa Ansa Zugarramurdi (Arano, 1980). Historian Lizentziatua bada ere, euskal kulturgintzan egin izan du lan batez ere. Azken urteetan Euskal Kantuzaleen Elkartean aritu da lanean eta hainbat kantu tailerretako gidari izan da, euskal kantu zahar eta berrien hedapenaz eta transmisioaz arduratuta beti ere. Euskal Kulturgintzaren Transmisioan aditu titulua du, eta, egun, ahotsak.com proiektuan dihardu elkarrizketatzaile moduan.

Xan Aire (Urepele, 1984). Frantses eta euskal filologiako ikasketak eginak. Kazetari lanetan ibili da ondoren, Euskal Herriko Kazetan eta Berrian. Gaur egun, Seaskan dago Euskaraz Bizi egitasmoko koordinatzaile gisa, eta ahotsak.com proiektuan elkarrizketatzaile da, Ipar Euskal Herrian zehar.

 

Ahotsakeko lantaldea

 

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia