Gasteizko euskararen ahotsak: dokumentala sarean

2016ko api. 8a, 09:47

Gasteizko Ahotsak proiektua aurkeztu dugu, Oihaneder euskararen etxean. Gasteizko euskararen historia eta bizipenak jasotzen dituen dokumentala ere bai. Gaurtik aurrera ikus-entzunezkoa Interneten ere ikusgai duzue. 

50 bat lagun hurbildu ziren herenegun arratsaldean Oihaneder euskararen etxera, Gasteizko Euskararen Ahotsak proiektua ezagutzera. Iñaki Lazkano gidari zutela, Badihardugu elkarteko Iker Ugaldek eta Idoia Etxeberriak Ahotsak zer den azaldu zuten, Gasteizko proiektua nola sortu zen, eta ondoren dokumentala ikusteko aukera izan zen. Gasteizen euskarak izan duen bilakaera erakusten duen ikus-entzunezkoa, gaurtik aurrera Interneten ere ikus daitekeen hauxe:

Dokumentala ikusi ostean, Iñaki Martinez de Luna gonbidatu zuten mahaira, eta giro ederra sortu zen, mahainguru polita. Bertaratutakoek ere hartu zuten hitza, eta hainbat izan ziren hausnarketarako bideak. Besteak beste, elkarrizketa gehiago egiteko beharraz jardun zuten, euskararen inguruko ikuspegi gehiago jasotzekoa, alegia: bereziki gazteak eta nerabeak. Institutuetan aurkezpenak egitea ondo egongo litzatekeela ere esan zuten. Espero dugu proiektuarekin jarraitzeko aukera izatea, eta ahots gehiago jaso eta ezagutarazi ahal izatea. Pertsona interesgarri asko baitaude Gasteizen, adin eta pentsamolde ezberdinetakoak, elkarrizketa merezi dutenak. 

Gasteizko Euskararen Ahotsak proiektuan orain arte 13 lagunen ahotsak jaso ditugu, finantziazioa Crowdfounding-aren bitartez lortuta. Batzuk gasteiztarrak dira jaiotzez, beste zenbait bihotzez. Euskarak zer sentipen sortzen dien jakin nahi izan dugu. Euskara nola bizi duten. Euskaraz nola bizi diren. Euskarak Gasteizen izan duen bilakaeraren berri eman digute. Eta testigantza horiekin prestatu dugu dokumentala.

Urteak daramatzagu euskalkiak jasotzen, herriz herri, Euskal Herriko Ahotsak proiektuan. Eta Gasteiz ez zegoen gure ahotsen mapan. Gasteizko euskalkia aspaldi galdu baitzen. Hori bai, Gasteizen euskara bizi-bizirik dago: euskarak Araban izan du igoerarik handiena azken 20 urteotan. Horregatik, oso interesgarria iruditzen zitzaigun ahots horiek jasotzea. Hala, Gasteiz gure mapara ekartzea lortu dugu.

Dokumentalaz gainera, elkarrizketatuen beste bideo pasarte batzuk ere ikusgai daude dagoeneko gure webguneko Gasteizko orrian, eta baita Youtubeko gure kanalean ere, gaika sailkatutako 10 bideo hauek, hain zuzen ere: Gasteizko Ahotsak Youtuben

Elkarrizketa gehienak Oihaneder euskararen etxean egin genituen, eta bertako langileen laguntza ezinbestekoa izan da, kontaktuak egiteko orduan zein gerora. Eskerrak, beraz, haiei. Eta eskerrik beroenak, nola ez, proiektua posible egiten ari diren guztiei: Crowdfounding-eko auzolaguntzaileei, elkarrizketatuei eta bidelagun guztiei! 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia