Euskal Herriko Ahotsak, muga berrien bila: 300 herri eta 100.000 pasarte

2015ko aza. 27a, 10:31

Dena ez da kopuru eta zenbaki, baina urteetako lana fruituak ematen ari dela ikusteak poztu egiten gaitu. Aste honetan bertan, adibidez, zenbait marka sinboliko gainditu ditugu Ahotsak-en. Esate baterako, 100.000. pasartea katalogatu dugu; 300. herria gehitu dugu datu-basean; 30.000. bideoa sareratu dugu. Guztia ere hainbat lagun eta herritarren lankidetzari esker eta helburu bakar batekin: Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea guztion esku jartzea. Eskerrik asko eta zorionak!

Txindurri lana da gehienetan gurea. Elkarrizketak egin, materiala jaso eta katalogatu, editatu eta sareratu,... Lan asko eta nahi baino baliabide gutxiago. Hala ere, dagoeneko 10 urtetik gorako ibilbidea darama Euskal Herriko Ahotsak proiektuak, eta atzera begiratzen dugunean, konturatzen gara bidea egiten ari garela.

Kopuruak ez dira beti garrantzitsuena, baina marka sinboliko batzuk gainditzen dituzunean, nolabaiteko poza sentitzen duzu. Egindako lanaren erakusgarri dira mugarri txiki horiek, eta aurrera jarraitzeko indarra ere ematen dizute.

Horregatik, pozik gaude azken egunotan marka txiki batzuk gainditu ditugulako Ahotsaken. Hasteko, eta garrantzitsuena: 300. herria aktibatu ahal izan dugu gure datu-basean. Dagoeneko 301 herritako lekukotasunak dauzkagu jasota, hasi Sopelan eta Eskiularaino. Gero eta gutxiago falta da herri guztietako lekukotasunak izateko. Zuberoako zenbait herri izan dira zerrendara gehitu ditugun azkenak, Argitxu Camus lankidearen laguntzari esker. 

Artxiboko katalogazio-lan ixilean ere mugarri handia gainditu dugu. Dagoeneko 100.000 pasarte katalogatu ditugu. 12 urteko txindurri-lanaren emaitza. Publiko jarri ditugun pasarteen kopurua ere zenbaki sinbolikora heldu da: 55.000 kontsultatu ditzakezu gure webgunean. Aiherran, Arrasaten eta Bermeon landutako elkarrizketak izan dira katalogatu ditugun atzenak.

Horrekin batera, 7000. elkarrizketa ere egin dugu (David Barandiarani Villabonan egindako elkarrizketarekin gainditu genuen langa), eta 30.000. bideoa argitaratu dugu. 5000. hizlaria ere laster gehituko dugu datu-basera (4945 daude une honetan).

Kopurua ez dela garrantzitsuena, bistan da. Baina, atzera begiratu, eta hainbat lagunek egindako lan izugarria adierazteko balio digute. Hortaz, proiektu honetan parte hartu duzuen ehunka lagunei: ESKERRIK ASKO BIHOTZEZ!

10. urteurrenerako (2013) laburpen-bideoa uzten dizuegu.

 

Iruzkinak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Aranberri | 2015-11-27

Ez zarie makalak! Sekulako lantaldea eta sekulako lana! Aupa zuek!

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Agirrebeña | 2015-11-27

Zelako altxorra dakagun! zorionak danori!

Erabiltzailearen aurpegia Josu Azpillaga | 2015-11-28

Hainbeste urtean norabide berean lanean jarduteko, kopuru hoiek lortzeko, egoskor punttua baino zeozer gehiago ere behar da.

Zorionak!! Bejondaizuela.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia