Jose Antonio Ardanzari egindako elkarrizketaren laburpena ikusgai

2024ko api. 10a, 10:36

Ahotsak.eus proiektuan Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia elkarrizketatu genuen 2017an eta jasotako testigantzekin bideo labur bat ere prestatu genuen.  

Jose Antonio Ardanza Garro (Elorrio, 1941) politikari jeltzalea eta enpresaburua hil da. 1985etik 1999ra Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zen. Guk Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatu genuen, herritar xeheez gainera pertsona ezagunak ere elkarrizketatzen ditugulako. 2017an egin genion elkarrizketa, Bilbon. Hona hemen egun hartan jasotakoaren laburpentxo bat:

Ardanzari elkarrizketa asko egin zioten bere bizitzan zehar. Guk haurtzaroari eta gaztaroari buruz galdetu genion, Franco hil aurreko kontuei buruz, politikagintzari buruz baino gehiago. 

Jose Antoniok hiru urte eta erdi zituela ama hil zitzaion. Orduan Ondarroara joan zen bizitzera, osaba-izebekin, aldi baterako. Zortzi urterekin bueltatu zen Elorriora, ondarrutarrez berbetan. Herri eskolan ibili zen Jose Antonio, eta 12 urterekin Derioko seminariora bidali zuten. 18 urte bete arte egongo zen han. Elorriora bueltatu zenean, herri mugimenduan murgildu zen: antzerkia, mendi taldea, Elizaren bueltako gazte taldeak... politikarako harra ere bazuen ordurako. Zuzenbidea ikasten hasi zen Bilbon, Deustuko unibertsitatean, eta EGIko kide egin zen; talde klandestinoa zen garai hartan. Ezkutatuta ere egon behar izan zuen, Polizia segika zuelako.

Grabazioa landu gabe dago oraindik, baina laster egongo da sarean kontsultatzeko moduan.

Gure doluminak familiari eta lagunei. 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia