II. Errepublika aldarrikatu zen Eibarren orain dela 93 urte

2024ko api. 13a, 09:46

1931ko apirilaren 14ko goizean, II. Errepublika ofizialki aldarrikatzear zegoela, Eibarren lehendabizikoak izan ziren Errepublikako bandera udaletxeko balkoian eskegitzen.

1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zuten Espainiako II. Errepublika. Gertaera horrek ilusioa piztu zuen herritarrengan. Izan ere, aldaketa politiko ikaragarria zen. Primo de Riveraren zazpi urteko diktaduraren ostean, soka berekoa zen Damaso Berenguer jenerala zegoen agintean, Alfonso XIII.a erregearen babesarekin. Apirilaren 12ko udal hauteskundeetan, baina, errepublikanoen aldekoek irabazi zuten. 

Berria Eibarrera iritsi zenean, eibartarrek ez zituzten Madrilgo aginduak itxaron eta apirilaren 13ko goizean, oraindik II. Errepublika ofizialki aldarrikatu gabe zegoela, Eibarrek bandera errepublikanoa altxatu zuen udaletxean, erregearen argazkia kendu zuen eta festak hasi ziren herrian. Untzaga plaza gainezka zegoen. Egun handia zen, pozgarria. Alabaina, larritasun uneak ere izan zituzten, aldarrikapena garaia baino lehen egin zutela ohartu zirenean.

Bideo labur honetan azaltzen dira orduko gorabeherak eta baita Maialen Lujanbio bertsolariak Eibarren II. Errepublikari buruz kantatu zituen hiru bertso ere. 

II. Errepublikaren aldarrikapenari eta Errepublika garaiko pasarte gehiago ikusteko, ahotsak.eus webguneko gaikako atala erabili daiteke.  

Gerrako kontu gehiago: gerra.ahotsak.eus webgunean. 

Irudian: Eibarko Untzaga plaza, Errepublika aldarrikatu zuten unean. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia