Hika ikastaroa antolatu dute Oñatin

2024ko mar. 12a, 12:39

Orain arteko ikastaroak emakumeentzat izan dira. Oraingoa, berriz, mistoa da. Apiriletik ekainera izango da, dohainik, eta atzo zabaldu zen izena emateko epea. 

Hika ikastaroa egingo dute Oñatiko udal euskaltegian, “Bilddur barik hikaratu!” lelopean. Apirilaren 8tik ekainaren 10era izango da, 20 ordu guztira; astelehenero, 18:00etatik 20:00etara. Debalde izango da, herritarrei hika ikasteko eta praktikatzeko erraztasunak eman nahi dizkietelako. Lehenengo ikastaro mistoa da, orain artekoak emakumeentzat soilik antolatu baitira, Jabetze Eskolan. Oraingoan Oñatiko Udaleko Euskara zerbitzuak antolatu du ikastaroa, Ingo Xonau! egitasmoko eta udal euskaltegiko kideekin elkarlanean.

Aurrekoetan bezala, Beatriz Irizar izango da irakaslea. Toka eta noka, biak ikasteko aukera egongo da, jolasen bidez eta oso modu praktikoan. Izena emateko epea atzo zabaldu zen, martxoaren 25era arte; euskaltegian bertan edo www.oñati.eus webgunean formularioa beteta. “Mutil zein neska, gazte zein heldu”, herritar guztiei animatzeko deia egin diete, “hanka sartuz eta beldurrik gabe ikasteko aukera paregabea delako”.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia