Sortaldekoa (M) (Azpieuskalkia)

Deskribapena

Mendebaleko euskalkiaren barruan bi azpieuskalki nagusi bereizten dira: Sartaldekoa (Uribe-Kosta, Mungialdea, Txorierri, Nerbioi ibarra, Arratia eta Orozko) eta Sortaldekoa. Azken hori hiru herrialdetan banatzen da: Bizkaiko Lea-Artibain eta Durangaldean, Gipuzkoako Deba ibarrean eta Arabako Aramaion. Koldo Zuazok dioen moduan, oro har mendebaleko ezaugarri gehienak aurkituko ditugu azpieuskalki honetan, baina Bizkaian agertutako zenbait berrikuntza ez dira heldu hona eta, ostera, Gipuzkoan sortutako beste batzuk aurkituko ditugu.

Hizkerak

Mapa

Fonetika

Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)

  1.  -a batez amaitzen diren hitzei mugatzailea gehitzen zaienean a + a > -ea (> -ia, -ie, -i, e) bilakaera gertatzen da.
  2. txistukari sail biak zeharo berdinduta daude; ondorioz txistukari bi besterik ez dira ahoskatzen: <s> eta <tz>.
  3. r, l eta n ondoren <s> ahoskatzen da hitzak batzerakoan: juan san, il san...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))

  1. u eta i ondorengo a > e bilakaera ahula da Sortaldean: lagun bat, sartu da...
  2. Sartaldeko hizkera gehienetan ez bezala, partizipioetako -i ez da galtzen: ikusi dot.
  3. o + a, e, o > u eta  e + a, e, o > i bilakaerak eta  / i + a, e, o/  artean epentesia sartzea: astua, loria, mendixa. Sartalde gehienean arrotzak dira.
  4. Sortaldeko hizkera askotan -i- sartzen da eroan-en eta, batez ere, joan-en adizkietan: noia, doie, daroie...
  5. geuza eta geur erako formak (-au->-eu-) arrotzak dira Sortaldean; hiztun gutxi batzuek bakarrik erabiltzen dituzte.
  6. *j-ren ahoskera <j> tankerakoa da eremu honetako hizkera gehienetan (eta ez Mendebaleko ebakera nagusia dirudien <y>).
  7. Bokal luzeak ageri dira, gazteen jardunean galtzen doazen arren.

Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)

Izenaren morfologia

  1. Soziatiboko atzizki berezia dago mendebal gehienean: -gaz singularrean, eta -kaz pluralean.
  2. Hurbiltze adlatiboko atzizki berezia dago mendebalean: -rantza sartaldean, eta -rutz sortaldean.
  3. Hirugarren graduko erakuslea ha da, ez hura.
  4. Erro bereko erakusleak erabiltzen dira singularrean eta pluralean. Azentuak bereizten ditu hizkera batzuetan. Esaterako: honétan (sg.) / hónetan (pl.).
  5. Erakusleak eta erakusleetan oinarritutako adberbioak indartu nahi direnean, izenaren ezker eta eskuin ipintzen dira: hori etxiori, hau pastelau.
  6. Edonor / edozer egiturako sail osoa dago mendebal gehienean.
  7. Zer edo zer egiturako sail osoa dago mendebal gehienean. Aldaera laburtuak erabiltzen dira ahozko jardunean: zeozer, noixonoix, nunonun...
  8. Neuk tankerako izenordain indartuak bakarrik erabiltzen dira.
  9. Erdal -(c)ión amaiera -(z)iño bilakatu da: habitaziño, kalefaziño...
  10. -txo / -txu txikigarria da aukera bakarra; ez dago -xe atzizkirik.

Aditzaren morfologia

  1. *Edun-en erroa -o- edo -au- da, adizkien arabera. Iraganaldiko batzuetan -eu- ere bai: dot, dau, baleu.
  2. Nor-Nori-Nork saileko erroa *eutsi da: detsat, gentsan.
  3. Aditz iragankorren ahaleran, aginteran eta subjuntiboan *egin erroa erabiltzen da: deigun.
  4. Nor-Nori saileko adizkietan j- tankerako ebakerak daude. Horrekin batera, ez + j- batzerakoan<tx>ahoskatzen da: etxako.
  5. Nor-Nori saileko iraganaldia oraina + n bidez osatzen da: jatan, jakon.
  6. Iraganaldiko hirugarren pertsonetan Ø ezaugarria dago mendebaleko hizkera gehienetan: ekarren, ekixen...
  7. Aditzetako pluralgile (ia) bakarra -z da: jakoz, geinkez.
  8. *Edun-en hitanoko adizkietan j- tankerako ebakerak daude: juat, jok, jittuat.
  9. Gaztelaniatik mailegatutako partizipioetan -ado> -au gertatu da, eta -ido > -idu: apartau, entretenidu.
  10. Aditz izenak osatzeko aukera zabala dago: -ten (ekarten), -etan (kantetan), -tuten (defendiruten), -ketan (bigunketan), -tzean (sartzean).
  11. Iragankorrak dira igo(n) eta urten aditzak.
  12. Ez da erabiltzen ari izan orokorra; ibili, egon eta jardun dira ordezkoak.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))

  1. Soziatiboan, -kin eta -(g)az lehian dira Sortaldean. Sartaldean, berriz, -gaz besterik ez da erabiltzen.
  2. Hurbiltze adlatiboan -rutz atzizkia erabiltzen da.
  3. Sartaldeko ablatiboko -(eta)ti aldaera ez da erabiltzen.
  4. Atzizki txikigarria -txo da Sortaldean, eta ez Sartaldeko -txu: apurtxo (bat), berotxo...

Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)

  1. Motibatibo eta helburu esaldietan -t(z)earren dago aukeran.
  2. Esaldi kontzesiboetan arren gorde da.
  3. Esaldi osagarrietan -(e)na atzizkia erabiltzen da aditz eta predikatu jakin batzuekin.
  4. Denbora esaldietan, partizipioa + keran egitura dago Bizkaia gehienean aukeran.
  5. Aditz izenak, mugimentuzko aditzen osagarri direnean, eta norabidea edo helburua adierazten dutenean, inesiboan (-t(z)en) erabiltzen dira mendebal gehienean (eta ez adlatiboa, -t(z)era).
  6. Ala eta edo hautakariak bereizten dira.
  7. Bi zenbatzailea izenaren eskuinetara ezartzen da.
  8. Orobatasuneko zein eta nahiz partikulak erabiltzen dira.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))


Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)

Aldaerei dagokienez, beste askoren artean, honako hauek aipa daitezke: aizta, ardau, arkondara / alkondara, aurki, azur, baltz, barik, barre, burdi, burdiña, emon, eskutur, ete, etzun, gaztai, gitxi, guzur, inuntz / iruntz tankerakoak, iruntsi, guntzurrun tankerakoak, ke(re)ixa, kirten, kipula, lebatz, mailluki, mamiñ, matrailla, mustur, narru, nasai, parkatu, pekatu, solo, suiñ, sur, txixa...

Lexikoari dagokionez, hainbat adibide sar daitezke multzo honetan. Hona hemen batzuk: martitzen, zemendi, marti, abade, abarketa, adur, aitita eta amama, amaitu, amatau, aratoste, batu, begitandu, berakatz, berba, eroan, ganora,gatzato, gura, ira, izara, izeko, jaramon, kerizpe, korta, odoloste, okaran, olgau, orri, ortu, osatu, ostantzean / ostian, oste, ostu, otzara, pernil, tzarto, udagoen, ugar, ugazaba, zil, zoro...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sortaldekoa (M))

Sortaldeko aldaerak: be ('ere'), eskuma ('eskuin'), txindurri ('inurri'), kipula ('tipula'), ule ('ile')... Arrotzak dira Sartaldeko aldaera hauek, besteak beste: akar ('aker'), hamaka ('hamaika'), amoztu ('moztu'), anaje ('anaia'), baie ('baina'), bere ('ere'), burrine ('burdina'), eskoi ('eskuin'), etze ('etxe'), gane ('gain'), garri ('gerri'), geitu ('deitu'), iñurri ('inurri'), jantza ('dantza'), txiker ('txiki'), uger ('igari'), uzen ('izen')...

Sortaldeko lexikoa: txingor ('kazkabar'), aitta ponteko, aitta besuetako tankerakoak, aittu ('ulertu'), arineketan ('lasterka'),edozenbat ('asko'), oineztu ('tximista'), kirikixo ('kirikino'), koiu ('hartu'), eskatz ('sukalde'), zatar('itsusi'), opetzi ('eskaini'), ostondu ('ezkutatu'), sute ('ezkaratz, sukalde')... Arrotzak dira Sartaldeko berba hauek: abazuza / inetazi / kazkaragar ('txingor'), aitixe ('aitaginarreba'), artez ('zuzen'), asago ('urrun'), beilegi ('horia'), erdu ('zatoz'), jagon ('zaindu'), justuri / inizitu ('tximista'), kirikolatza ('kirikino'), lei ('izotza'), lotu ('geratu'), motz ('itsusi'), ostondu ('ezkutatu'), sute ('sukalde'), zenbagure ('asko')...

Argitalpenak

Gehiago

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia