Mendebalekoa - Bizkaiera (Euskalkia)

Deskribapena

Mendebaleko euskara Euskal Herriko mendebalean hitz egiten dena da, tradizionalki bizkaiera izena hartu izan duena. Mendebalekoa izendapena zehatzagoa da, euskalki honek daukan mugaz gaindiko izaera kontuan hartuta. Izan ere, Bizkaian ez ezik, Gipuzkoako Debagoiena eta Debabarrena eskualdeetan eta Arabako Aramaio eta Legutio udalerrietan ere erabiltzen baita. Gainera, Koldo Zuazo ikerlariak dioenez, arabera zena euskalki honen barruan sailkatzen da, eta Burgos eta Errioxako euskararen arrastoek mendebaleko euskararekin bat egiten dute. Baliteke, gainera, euskalki honen ezaugarrietako batzuk Gasteizen sortutakoak izatea eta handik mendebal osora hedatzea.

Euskalki guztien artean mendebalekoa da hiztun gehien dituena eta hedadura zabalena daukana. Bi azpieuskalki ditu: Sartaldekoa (Uribe-Kosta, Mungialdea, Txorierri, Nerbioi ibarra, Zeberio, Arratia eta Orozko) eta Sortaldekoa (Lea-Artibai, Durangaldea, Aramaio eta Deba Ibarra). Bi azpieuskalki hauen tarteko hizkeratzat hartzen dira Busturialdekoa, Zornotzakoa eta Otxandio-Ubide-Legutio ingurukoa. Horrekin batera, Debabarreneko Elgoibar, Deba, Mendaro eta Mutriku herrietako hizkerak mendebaleko eta erdialdeko euskararen arteko zubi dira.

Mendebaleko euskalkiari dagokionez, morfologian - aditzaren morfologian, gehienbat- eta lexikoan nabarmentzen da bere nortasuna.

Azpieuskalkiak

Mapa

Fonetika

Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)

  1.  -a batez amaitzen diren hitzei mugatzailea gehitzen zaienean a + a > -ea (> -ia, -ie, -i, e) bilakaera gertatzen da.
  2. txistukari sail biak zeharo berdinduta daude; ondorioz txistukari bi besterik ez dira ahoskatzen: <s> eta <tz>.
  3. r, l eta n ondoren <s> ahoskatzen da hitzak batzerakoan: juan san, il san...

Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)

Izenaren morfologia

  1. Soziatiboko atzizki berezia dago mendebal gehienean: -gaz singularrean, eta -kaz pluralean.
  2. Hurbiltze adlatiboko atzizki berezia dago mendebalean: -rantza sartaldean, eta -rutz sortaldean.
  3. Hirugarren graduko erakuslea ha da, ez hura.
  4. Erro bereko erakusleak erabiltzen dira singularrean eta pluralean. Azentuak bereizten ditu hizkera batzuetan. Esaterako: honétan (sg.) / hónetan (pl.).
  5. Erakusleak eta erakusleetan oinarritutako adberbioak indartu nahi direnean, izenaren ezker eta eskuin ipintzen dira: hori etxiori, hau pastelau.
  6. Edonor / edozer egiturako sail osoa dago mendebal gehienean.
  7. Zer edo zer egiturako sail osoa dago mendebal gehienean. Aldaera laburtuak erabiltzen dira ahozko jardunean: zeozer, noixonoix, nunonun...
  8. Neuk tankerako izenordain indartuak bakarrik erabiltzen dira.
  9. Erdal -(c)ión amaiera -(z)iño bilakatu da: habitaziño, kalefaziño...
  10. -txo / -txu txikigarria da aukera bakarra; ez dago -xe atzizkirik.

Aditzaren morfologia

  1. *Edun-en erroa -o- edo -au- da, adizkien arabera. Iraganaldiko batzuetan -eu- ere bai: dot, dau, baleu.
  2. Nor-Nori-Nork saileko erroa *eutsi da: detsat, gentsan.
  3. Aditz iragankorren ahaleran, aginteran eta subjuntiboan *egin erroa erabiltzen da: deigun.
  4. Nor-Nori saileko adizkietan j- tankerako ebakerak daude. Horrekin batera, ez + j- batzerakoan<tx>ahoskatzen da: etxako.
  5. Nor-Nori saileko iraganaldia oraina + n bidez osatzen da: jatan, jakon.
  6. Iraganaldiko hirugarren pertsonetan Ø ezaugarria dago mendebaleko hizkera gehienetan: ekarren, ekixen...
  7. Aditzetako pluralgile (ia) bakarra -z da: jakoz, geinkez.
  8. *Edun-en hitanoko adizkietan j- tankerako ebakerak daude: juat, jok, jittuat.
  9. Gaztelaniatik mailegatutako partizipioetan -ado> -au gertatu da, eta -ido > -idu: apartau, entretenidu.
  10. Aditz izenak osatzeko aukera zabala dago: -ten (ekarten), -etan (kantetan), -tuten (defendiruten), -ketan (bigunketan), -tzean (sartzean).
  11. Iragankorrak dira igo(n) eta urten aditzak.
  12. Ez da erabiltzen ari izan orokorra; ibili, egon eta jardun dira ordezkoak.

Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)

  1. Motibatibo eta helburu esaldietan -t(z)earren dago aukeran.
  2. Esaldi kontzesiboetan arren gorde da.
  3. Esaldi osagarrietan -(e)na atzizkia erabiltzen da aditz eta predikatu jakin batzuekin.
  4. Denbora esaldietan, partizipioa + keran egitura dago Bizkaia gehienean aukeran.
  5. Aditz izenak, mugimentuzko aditzen osagarri direnean, eta norabidea edo helburua adierazten dutenean, inesiboan (-t(z)en) erabiltzen dira mendebal gehienean (eta ez adlatiboa, -t(z)era).
  6. Ala eta edo hautakariak bereizten dira.
  7. Bi zenbatzailea izenaren eskuinetara ezartzen da.
  8. Orobatasuneko zein eta nahiz partikulak erabiltzen dira.

Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Mendebalekoa - Bizkaiera)

Aldaerei dagokienez, beste askoren artean, honako hauek aipa daitezke: aizta, ardau, arkondara / alkondara, aurki, azur, baltz, barik, barre, burdi, burdiña, emon, eskutur, ete, etzun, gaztai, gitxi, guzur, inuntz / iruntz tankerakoak, iruntsi, guntzurrun tankerakoak, ke(re)ixa, kirten, kipula, lebatz, mailluki, mamiñ, matrailla, mustur, narru, nasai, parkatu, pekatu, solo, suiñ, sur, txixa...

Lexikoari dagokionez, hainbat adibide sar daitezke multzo honetan. Hona hemen batzuk: martitzen, zemendi, marti, abade, abarketa, adur, aitita eta amama, amaitu, amatau, aratoste, batu, begitandu, berakatz, berba, eroan, ganora,gatzato, gura, ira, izara, izeko, jaramon, kerizpe, korta, odoloste, okaran, olgau, orri, ortu, osatu, ostantzean / ostian, oste, ostu, otzara, pernil, tzarto, udagoen, ugar, ugazaba, zil, zoro...

Argitalpenak

Gehiago

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia