Sartaldekoa (G) (Azpieuskalkia)

Deskribapena

Bi eskualdek osatzen dute Sartaldeko azpieuskalkia: Goierrik eta Urolaldeak. Desberdinak dira bertako hizkerak, baina multzo berean sartzen dira bi puntutan Gipuzkoako gainerako hizkeretatik bereizten direlako. Alde batetik, mendebaldekotzat dauzkagun zenbait gertakari bertara ere heldu dira eta, bestetik, erdigunean egindako berrikuntza batzuk ez dira bertan sustraitu.

Hizkerak

Mapa

Fonetika

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. *j-ren ahoskera beti da <j> tankerakoa (eta ez Mendebal gehieneko <y>): jan, jakin... (eta ez yan, yakin...)
  2. Erdarazko -(c)ión → -(z)io (ziyo) egin da. 
  3. Hitz hasieran z- > tx-: txoro, txuri, txilbor, txintxo...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

  • -a bokalez amaitzen diren hitzak artikuluarekin batzean, -a + a → -ea (> -ia, -ie) egitea: patata + a → patatea / patatia / patatie

Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

 Izenaren morfologia

  1. Gipuzkoan barrena -raka (>-aka) atzizkia erabiltzen da norabidea adierazteko, beste alderdi batzuetako -rantz / -rutz edo -ri buruz bezala: honeaka, horreaka, kanpoaka... Ez da edozein hitzekin erabiltzen eta gazteen jardunean indar handiagoa du adinekoenean baino.
  2. Aditz-izenak osatzeko -tzen / -ten besterik ez: pentsatzen, ikusten...

Aditzaren morfologia

  1. *edun aditzaren orainaldiko adizkietan -e- erroa : det, degu, dezu...
  2. Izan aditzaren pluraleko adizkietan -e- erroa: gera, zera, zerate...
  3. Joan aditzaren nijoa, dijoa, dijoaz tankerako adizkiak. 
  4. Nor-Nork saileko aditz laguntzailean -au- → -a- egiten da hizkera askotan: nauk/naun → nak/nan ; nauzu → nazu...
  5. Nor-Nori saileko aditz laguntzailean -ai- → -a- egiten da: zait → zat, zaigu → zau...
  6. -zki- pluralgilea erabiltzen da *edun-en hitanoko adizkietan, ez -it- orokorra: ditut → dizkiat/dizkinat, ditu → dizkik/dizkin... Beterritik Urolalde gehienera eta Goierrira ere zabaldu da joera hau.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

  • -rik atzizkia etxerik etxe tankerako esapideetan.
  • *egin erroa erabiltzen da ahaleran: daiket 'dezaket'
  • Gaztelaniatik mailegatutako partizipioetan -ado> -au gertatu da eta, gainera, mendebaleko euskalkian baino indar handiagoa dauka. Euskalki horretan ez bezala, mailegu zaharretan eta euskal aditzetan ere erabiltzen da: aukerau, barkau, ingurau...
  • Irten aditza iragankorra zein iragangaitza izan daiteke: erten degu. Urolaldean jardun erabiltzen da eta hori ere iragankorra da: jardun degu.

Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. Galderetan, intonazioaz gainera, oso indartsua da al partikula erabiltzeko joera: etorriko al haiz?

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

  • Perpaus osagarrietako -(e)na atzizkia: nik antzeman nion hilko zana. Ezaugarri hau ahulduz doala dirudi eta gazteen artean gero eta gutxiago erabiltzen da.
  • Galdera perpausetako ala juntagailua: gaztiñea ugarie izango zan, ala?
  • Partizipioa + ta nagusitzen da. Baina Goierrin -rik eta -a ere erabiltzen dira.
  • Esaldi kontzesiboetan -arren ere bada aukeran Gipuzkoako ipar-mendebalean (gaur egun atzeraka doa): asko saxau arren, atzena allau zan.

Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

Aldaerak: apaiz (ez apez), bezela, bizki 'biki', burni, ebi 'euri', elbi 'euli', eskubi 'eskuin', igo (ez igon, igan), iltze, ipui, irentsi (ez iretsi), labana (ez nabala), osin 'asun', pake 'bake', parre/farra 'barre', sapai 'sabai', tximu 'tximino', txindurri/txingurri 'inurri', udara 'uda'...

Lexikoa: agor 'iraila' (galbidean), aitona eta amona, apreta 'espartina', arkakuso, aurren 'lehenbiziko' adierarekin, babarrun 'indaba', bailara 'ibarra', basur 'ihintza', behatz 'hatz' adierarekin, behinik behin, belaze 'landa', beta 'astia', bukatu, Erromako zubi 'ostadar', eskumuinak (>eskuminak) 'goraintziak', esnatu 'iratzarri', faborez 'mesedez', garagarril 'ekaina' (galbidean), garo 'iratze' adierarekin, hitz egin, hots egin 'deitu', iaio 'trebea', ilbeltz 'urtarrila', iritsi 'heldu', isats 'buztana', iskanbila 'zalaparta', jator 'zintzoa', jela 'izotza', jipoi 'astindua', katagorri 'urtxintxa', kazkabar 'txingor', korrika 'lasterka', laiotz 'ospela', lapurtu 'ostu', legamia 'orantza, altxagarria', mami 'gatzatu, gaztanbera' adierarekin, mikatz 'mingotsa', mingain 'mihia', neskame 'zerbitzaria', peto 'benetakoa', sona 'ospea', triku 'sagarroia', txistu 'tu' adierarekin, txukun 'apaina, egokia', ukuilu 'korta', urruti, zilbor.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Sartaldekoa (G))

Lexikoa: abade 'apaiza', albo 'aldamen', astun 'pisu', baba / indaba (vs babarruna), baserritar 'nekazaria', domeka 'igandea', igarri 'nabaritu', irten/erten 'atera', izara 'maindire', lain 'beste, adina', lapiko 'eltze' (eta itsulapiko 'eltzeitsu'), papar 'bularralde', praka 'galtza', sarri 'maiz' adierarekin, txermen 'udare, madari', ume 'haur', zapatu 'larunbata', zatar 'itsusi', zil 'zilbor', zuztar 'erroa'...

Mendebaleko aldaerak ere badira hizkera batzuetan: alkondara 'alkandora', ete 'ote', gaztai 'gazta', keiza/keixa 'gerezi', okotz 'kokots', narru 'larru', txixa 'pixa'...

Argitalpenak

Gehiago

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia