Erdigunekoa (G) (Azpieuskalkia)

Deskribapena

Beterriko hizkerek eta Tolosaldekoek osatzen dute Erdiguneko azpieuskalkia.

Hizkerak

Mapa

Fonetika

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. *j-ren ahoskera beti da <j> tankerakoa (eta ez Mendebal gehieneko <y>): jan, jakin... (eta ez yan, yakin...)
  2. Erdarazko -(c)ión → -(z)io (ziyo) egin da. 
  3. Hitz hasieran z- > tx-: txoro, txuri, txilbor, txintxo...

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Erdigunekoa (G))

  • Ez dugu maila honetako ezaugarririk.

Morfologia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

 Izenaren morfologia

  1. Gipuzkoan barrena -raka (>-aka) atzizkia erabiltzen da norabidea adierazteko, beste alderdi batzuetako -rantz / -rutz edo -ri buruz bezala: honeaka, horreaka, kanpoaka... Ez da edozein hitzekin erabiltzen eta gazteen jardunean indar handiagoa du adinekoenean baino.
  2. Aditz-izenak osatzeko -tzen / -ten besterik ez: pentsatzen, ikusten...

Aditzaren morfologia

  1. *edun aditzaren orainaldiko adizkietan -e- erroa : det, degu, dezu...
  2. Izan aditzaren pluraleko adizkietan -e- erroa: gera, zera, zerate...
  3. Joan aditzaren nijoa, dijoa, dijoaz tankerako adizkiak. 
  4. Nor-Nork saileko aditz laguntzailean -au- → -a- egiten da hizkera askotan: nauk/naun → nak/nan ; nauzu → nazu...
  5. Nor-Nori saileko aditz laguntzailean -ai- → -a- egiten da: zait → zat, zaigu → zau...
  6. -zki- pluralgilea erabiltzen da *edun-en hitanoko adizkietan, ez -it- orokorra: ditut → dizkiat/dizkinat, ditu → dizkik/dizkin... Beterritik Urolalde gehienera eta Goierrira ere zabaldu da joera hau.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Erdigunekoa (G))

  • Aditz iragankorretako 3. pertsona pluraleko -te aldaera, Donostia-Hernani-Astigarraga lerrotik ekialdera erabiltzen da: zuten.
  • Aditz iragangaitzetako hitanoko adizki bereziak erabiltzen dira Gipuzkoako erdigunean: natxiok/natxion, gatxibek/gatxiben... Urolaldean ere badira halako adizkiak, baina Goierrin ez, eta ezta Donostia-Hernani-Astigarraga lerroan hasi eta Irun bitartean ere.
  • Ahalera osatzeko 'aditz nominalizatua + eduki/egon' egitura erabiltzen da Beterriko ardatz inguruetan: ekar dezaket → badakat ekartzia. Urolalde gehienera zabaldu da joera hau eta Goierrin ere sartzen ari da.
  • Mendebalean eta erdialdean nagusitu den 'partizipioa + TA' ez ezik, 'partizipioa + A' ere bada alderdi honetan: ibiliya.
  • Euskal Herriko erdiguneko beste hizkera batzuetan bezala, ateratu, bizitu, egondu, edukitu, ibildu, izandu, jakindu tankerako partizipioak erabiltzen dira.
  • Sarri erabiltzen da aditzoina (Mendebaleko euskalkian eta Gipuzkoako sartaldean zeharo galduta dago), nahiz eta ez diren zuzen bereizten beronen eta partizipioaren esparruak: senda dadilla.

Sintaxia

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

  1. Galderetan, intonazioaz gainera, oso indartsua da al partikula erabiltzeko joera: etorriko al haiz?

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Erdigunekoa (G))

  • Mendebalean eta Gipuzkoako sartaldean arrotza den bait- aurrizkia erabiltzen da kausa perpausetan.

Lexikoa

Euskalkiaren ezaugarriak (Erdialdekoa - Gipuzkera)

Aldaerak: apaiz (ez apez), bezela, bizki 'biki', burni, ebi 'euri', elbi 'euli', eskubi 'eskuin', igo (ez igon, igan), iltze, ipui, irentsi (ez iretsi), labana (ez nabala), osin 'asun', pake 'bake', parre/farra 'barre', sapai 'sabai', tximu 'tximino', txindurri/txingurri 'inurri', udara 'uda'...

Lexikoa: agor 'iraila' (galbidean), aitona eta amona, apreta 'espartina', arkakuso, aurren 'lehenbiziko' adierarekin, babarrun 'indaba', bailara 'ibarra', basur 'ihintza', behatz 'hatz' adierarekin, behinik behin, belaze 'landa', beta 'astia', bukatu, Erromako zubi 'ostadar', eskumuinak (>eskuminak) 'goraintziak', esnatu 'iratzarri', faborez 'mesedez', garagarril 'ekaina' (galbidean), garo 'iratze' adierarekin, hitz egin, hots egin 'deitu', iaio 'trebea', ilbeltz 'urtarrila', iritsi 'heldu', isats 'buztana', iskanbila 'zalaparta', jator 'zintzoa', jela 'izotza', jipoi 'astindua', katagorri 'urtxintxa', kazkabar 'txingor', korrika 'lasterka', laiotz 'ospela', lapurtu 'ostu', legamia 'orantza, altxagarria', mami 'gatzatu, gaztanbera' adierarekin, mikatz 'mingotsa', mingain 'mihia', neskame 'zerbitzaria', peto 'benetakoa', sona 'ospea', triku 'sagarroia', txistu 'tu' adierarekin, txukun 'apaina, egokia', ukuilu 'korta', urruti, zilbor.

Azpieuskalkiaren ezaugarriak (Erdigunekoa (G))

Lexikoa: atera (vs irten), txukatu 'lehortu'.

Argitalpenak

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia